JURDAN ARRETXE
Bart Juan José Ibarretxe izan genuen Gipuzkoa Telebista, Canal Bizkaia eta Canal Gasteizek botatako saio berezi batean Pasaiako (eta inguruko) herritarren galderei erantzuten. Bidebietako polikiroldegian arratsaldez grabatua, "El lehendakari responde"-k ez zituen gauza berri asko ekarri mahai gainera. Jendea ere ez zen "Tengo una pregunta para usted" eta halakoetan biltzen diren modu zehatz berdinean bildu. Ostiral goizean oraindik publiko bila ari ziren. Alde horretatik ez du sinesgarritasun handirik merezi, baina ikustekoa zen Ibarretxe nola moldatuko zen.
Bi speech luzerekin, saioa makal hasi zen. Lehena Jaime Tejedorrek egin zuen, bertako Kofradiaren burua izaki. Bigarren txanda, lehendakariak erantzun ondoren, Teresa Ezkurrarena, lekuko bizilagunen eta dendarien ordezkariarena, izan zen. Bere ahotik atera ziren burutugabeko promesen aurkako lehen hitzak.
Eztabaida lekua ez zen ez handia, ez nahiko erosoa. Ibarretxe lehen ilaran, beste guztiekin eseri zuten. Erantzunak bai, zutik eta gustura ematen zituen erditik, hainbeste urtetako gobernuak ematen duen lasaitasunarekin. Argi ikusi zen zergatik ez duen Lópezekin norgehiagokarik nahi. Ibarretxe leku hauetan igerian ondo dabilen arraina da.
Gaueko puntu bitxia ia bukaeran etorri zen, Obamaren agerraldiarekin. Euskal hauteskunde hauetan Patxi López hartzen denean Obamatzat, gizon beltzaran bat altxatu eta bere izena esatean ikusleak zur eta lur geratu ziren: "Miguel Ángel Obama". Gizon ekuatoreginear honek ea Ibarretxek ze erlazio mota eramango lukeen bere herriarekin galdetu zion.
Momentu horretatik atzera eta aurrera, programak ez zuen apartekorik izan. Ibarretxek ez zuen galtzekorik zuena galdu ez eta ezer apartekorik lortu. Bizilagunen kexak hartu zituen, baita ELA sindikatuko ordezkari batek Sabeco enpresan greban dauden emakumeen aldeko kamiseta bat. Denak berarekin eraman zituen oraindik lehendakaria denak.
Atzokoa halako hauteskunde-kanpainen barruan lokalizazio prozesu batean jarri genezake. Ahal den neurrian, eta zirkunskripzio izenbakarrekoetan gertatzen den bezala, hautagaia hiritarrengana hurbiltzen saiatuko da gero eta gehiago. Nahiz eta bilera batetik bestera, askotan, arazoak konpondu gabe utzi. Hori beste arazo bat da. Eta ez nolanahikoa.
Oso ongi.
ResponderEliminarTxistorra bai, euskara ere bai.